Lan egiten dugunean, ahalik eta kontrol zorrotzenaz kudeatzen ditugu dieta bereziak, alergiak eta intolerantziak, haien eraginkortasuna bermatzeko eta, aldi berean, premia berezidun jankideen bizitzan duten eragina murrizteko.
Galde-erantzunak
Zer da elikaduragatiko alergia edo intolerantzia?
Organismoak elikagaien osagairen baten aurka azaldutako erreakzioa da.
Alergiei dagokienez, erantzun immunea sortzen da, eta larruazalean (urtikaria, hantura...), arnasbideetan (eztula, doministikuak, asma...) edo digestioan (goragaleak, gonbitoak, beherakoak...) eragin ditzake sintomak.
Kasu larrienetan, berehalako asistentzia medikoa behar duen shock anafilaktikoa ere gertatu daiteke.
Intolerantziei dagokienez (laktosarekiko edo esneko azukrearekiko intolerantzia), ez dago inolako erantzun immunerik. Beraz, elikagaien metabolismoko edo digestioko arazoen ondorioz gertatzen da oro har.
Orain dela urte batzuk, oso alergia gutxi zeuden. Orain, ordea, modan daude. Zergatik?
Zenbait urtetatik hona, elikaduragatiko alergia edo intolerantzia gehiago daude, eta, oro har, haurtzaroan garatzen dira.
Zenbait hipotesi badaude ere (higienea, ingurumeneko kutsadura, elikagaiak haurtzaroan sartzeko prozesua…), inork ez daki zergatik gehitu diren elikaduragatiko alergiak edo intolerantziak. Dena dela, zenbait faktorek, aurrejoera genetikoak, esaterako, alergiak edo intolerantziak edukitzeko arriskua areagotzen dute.
Zein dira alergia arruntenak?
Haurtzaroan, esneak, arrautzak, arrainak, lekaleek eta fruitu lehorrek eragindako alergiak dira ohikoenak.
Zenbait alergia eman daitezke aldi berean?
Alergia aniztasuna (zenbait konposatuk aldi berean eragindako alergia) oso ohikoa da. Ugaria eta konplexua izan daiteke. Izan ere, zenbait konbinazio (arrautza eta esnea, adibidez) beste batzuk baino arruntagoak dira.
Badago elikaduragatiko alergiak sendatzerik?
Batzuetan, haurtzaroan elikaduragatik antzematen diren alergiak urteen joan-etorrian gainditzen dira. Beste batzuek, ordea, bere horretan diraute helduaroan ere. Hori dela eta, alergenoa bizitza osorako baztertzen duen dieta egin beharra dago halakoetan.
Badago produktuen etiketei buruzko araudirik, edozein alergeno antzemateko?
Indarreko arautegiaren arabera, Europar Batasunean arruntak diren hamalau alergeno zehaztu behar dira. Alergeno arruntenak derrigorrean adierazi behar badira ere, elikagaien beste osagai batzuek ere eragin ditzakete alergiak, baina ez da derrigorrezkoa agertu agertzen direla adieraztea (lekaleak, frutak eta beste barazki batzuk, esaterako). Hori dela eta, oso zaila da osagai horiek ez dituen menua prestatzea.
Badago gurasoei elikaduragatiko alergiei buruzko prestakuntza ematen dien elkarterik?
Elikaduragatiko Alergietarako Euskal Elkarteak (Elikalte) laguntza eta informazioa eskaintzen dizkie alergikoei eta haien familiei.
Nazio-mailan, ostera, AEPNAA dago (Elikagaiek eta Latexak Eragindako Alergikoen Elkarte Espainiarra).
Bestetik, FACEk (Espainiako Zeliakoen Elkarteen Federazioak) laguntza eta informazioa eskaintzen dizkie gaixo zeliakoei eta haien familiei.
Zer neurri hartu behar dira, elikaduragatiko alergia edo intolerantzia diagnostikatu ondoren?
Elikaduragatiko alergietan eta intolerantzietan, tratamendu dietetikoa zorrotza izan behar da, dietatik oso-osorik kendu behar delako ezinbestean organismoan arazoa sorrarazten duen osagaia, trazarik eta kutsadura gurutzaturik agertu ez dadin (tresnen bidez, sukaldaritzako zenbait teknikaren bidez (frijitzean)...).
Horretarako, ezinbestekoa da kontrol zorrotza eramatea, talde horientzako plateretan erabilitako lehengaietan nahiz osagaietan ez ezik, janaria prestatzeko prozesuetan ere bai, kutsadurarako arriskua desagerrarazteko edo gutxitzeko.
Ikastetxeetako jantokietan, elikaduragatiko alergiak edo intolerantziak dituzten umeentzako menuak eskaintzen dituzte?
Bai. Elikaduragatiko alergietara edo intolerantzietara ez ezik, menu berezia behar duten beste osasun-arazo batzuetara ere egokitu daitezke menuak (diabetea, hiperkolesterolemia, gaixotasun metabolikoak…), kasuan kasuko ziurtagiri medikoa aurkeztu ondoren eta erabiltzaileentzako gainordainik gabe.